Ingurumenaren alde lotsagabe

Ingurumenaren alde lotsagabe

Mugikortasun Jasangarriaren Astea izan da aurrekoa. Europar Batasunetik bultzatakoa da eta urtero Irailean erortzen dena.  Euskal hiri askotan antolatu dira ekimen ugari eguneroko joan-etorriak modu jasangarrian egiten ikasteko; hau da, distantzia labur nahiz luzeak ingurumenari ahalik eta kalte txikienarekin nola egin jakiteko. Ez ginen asko konturatuko, Gasteizen antolatutak ekimen artistikoren batez gain nahikoa ekintza humilak izan ohi dira aste honekin lotutakoak.

Maila internazionalean “The climate march”  izan da gaur, Igandea 21, mundu osoan. Agintariak, pertsonai famatuak, aktibistak eta zenbait enpresa arduratsu batu dira mugimendu honetara. Guardian egunkariaren artikulu honek sakonean azaltzen ditu martxaren nondik norakoak, arrazoiak, eskaerak, hartu beharreko neurriak eta abar.

Mundu 2000 hiritan antolatu dituzte antzeko martxak. Tamalez gure edabideetan ez dute oiartzun handiegirik izaten gai hauek. Egunkari honen arabera 500 ekologista inguru gerturatu dira Madrilgo gobernuari petroleoaren erabilera, energia nuklearra eta frakinga debekatu ditzan eskatzera.  Badirudi oraindik Espainian, sandaliadun ekologista gutxi batzuren ardura dela ingurumena.

Baina benetan hori al da gure gizartearen ingurumenarekiko ardura maila? Madrilgo 500 ekologista horiek al dira benetan arduratzen diren bakarrak?

Joan den astean 16 urteko gazte batzuei galdetu nien beraiek egunerokoan zer egiten duten ingurumenaren alde. Lehen erantzuna ezer ez zutela egiten izan zen. Zenbait gazteren jarrera ezagututa ez da erantzun harrigarria, baina ezin nuen sinetsi benetan ezertxo ere egiten ez zutenik. Pentsatzen lagundu ostean, ahal zuten gehiena birziklatzen saiatzen zirela esan zidaten. Baita ere, lagunek kalean edo hondartzan lurrera botatzen zituzten zakarrak jaso eta zaborrontzira eramaten zituztela. Egunero bizikletaz edo garraio publikoan mugitzen zirela ikastolara joateko… Pozgarria iruditu zitzaidan guzti hori hain arrunt iruditzen zitzaielako. Konszientekin izan gabe egunerokoan asko egiten ari zirelako zoriondu nituen.

Tamalez, zer gehiago egin zezaketen galdetzean, ezer ez zitzaien bururatzen. Oraingo egoera hobetzeko ideiak falta zitzaizkien. Gainera, noizbait helduren bati ikasitako mezua automatikoki bota zidaten, guztiok egiten ez badugu alferrik dela alegia norbanakoa ezer egiten saiatzea.

Hor geratu zen agerian oraindik landu beharreko eremua. Gazteek eta herritar guztiek jakin behar lukete asko hobetu dugula. Eta jada arrunt egiten zaizkigun ohitura horiei esker ingurumenak hobekuntzak erakusten dituela. Egiten dugun gutxi horrek zerbaitetarako balio duela alegia, ez dela beranduegi neurriak hartzeko.

Batez ere hezkuntza positiboaren aldeko naiz. Ez muga, isun eta arauen aldekoa. Aldaketa lortzeko modurik eraginkorrena ohitura berriak erakargarri egitea da. Kontsumoa, garraioa, bidaia, komunikazioa, elikadura, bizitza modu jasangarria egiteak dituen alde onak zabaldu behar ditugu gure gazteriak eta herritar orok barneratu dezaten. Ingelesez bada “champion” hitzaren esanahi bat, kausa baten eredu izanez mugimentua lideratzen duen pertsona deskribatzeko erabiltzen dena. Championen itzulpena Txapelduna litzateke, beraz… Bizimodu jasangarri horien defentsa modu erakargarrian egingo duten “txapelduank” behar ditugu.

Ez dagigula lotsarik eman ingurumenaren defentsan kalera ateratzeak. Ez dagigula lotsarik eman ingurumenaren alde neurriak hartzen ditugula esateak. Eta denek jakin dezatela hartzen ditugun neurri horiek, luzera ingurumenaren aldeko izateaz gain, tarte laburrean gure zoriontasunaren aldeko ohiturak direla.