Lontxo Rojo: Gizon aberatsa.

Lontxo Rojo

Non: Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa
Noiz: Asteazkena, apirilak 24
Ordua: 20:00
Sarrera: doain
Hizkuntza: Euskaraz

MUNDUAN BARRENA BIZIKLETAZ
http://munduanbarrena.blogspot.com.es/

Malawin irakurri nuenez, hango esaera zahar batek honela dio:  “Bizikleta bat daukan gizona aberatsa da”. Mundu honetan non “edukitzea/ez edukitzea” gure buruaren definizio lehena bilakatu zaigun – eta gero eta gehiago etorkizun konpartituaren aukera bakarra – bizikleta batek aberastasunaren beste ikuspegi bat eskaini ahal digu: sinplizitatearen eta gure altxorrik handiena den askatasunaren aberastasuna.

Lorenzo Rojo naiz, azken 15 urte honetan, 1997az geroztik, munduan barrena bizikletaz dabilen bidaiari gasteiztarra. 97ko urte hartan jaioterria eta lana utzi (euskara-irakaslea nintzen bigarren hezkuntzan) eta plan zehatzik eta anbizio handirik gabe jaio zen -eta oraindik amaitu ez den- bidaia bati ekin nion. 35 urte nituen. Geroztik 182.000 km inguru ibili ditut, pedaleei eraginez beti,  5 kontinenteko 90en bat herri diferentetan zehar. Nire bizikleta zaharra da, nire poltsa txikia, mundura eraman ninduen grina, ordea, urtetik urtera handituz doa…

Bidaiaren iraupena kontinenteen arabera banatuz gero honako hau izango litzateke emaitza:

  • 7 urte eta erdi Ameriketan (hego, erdi eta iparreko Amerikan), bi aldi diferentetan
  • 2 urte eta erdi Afrikan
  • Urtebete Ozeanian (Zeelanda Berria eta Australia)
  • 2  urte Asian
  • Urtebete Europan
  • Urtebete Euskal Herrian (etxera egindako bi bisitalditan, 2003an eta 2007an)