Lehen platerarekin lepo

Hasiera ederra izan genuen atzo Bidaiarien Txokoko lehen ekitaldian. Joanes Gibelalderen Hegoaldera Bizikletaz hitzaldian interesaturik 50 pertsonatik gora etorri ziren errotara eta azkenak sartu ezinik geratu ziren. Oso gustora egon ginen denok kontatzeko zituenak (edo automatikoki aurreratzeko jarria zuen aurkezpenak hurrengo argazkira pasa aurretik esaten uzten zionak) entzunaz. Halako bidaia luzeak badu beste ordu batzutarako adina material, baina entzuleen galdera mordoari erantzun ostean, 21:00ak pasata, amaitutzat jo behar izan genuen saioa.

Tolosaldeako Mugikortasun Astearen barruan geundenez bizikletaz eginiko bidaia bati buruz hitzegin nahi izan genuen, eta hala etorri zen Joanes gure burura. Badakigu, dena den, gure inguruan asko zaretela bidaiatzeko modu hori aukeratu izan duzuenak; bakarka, bikoteka, familian, urruneko lurraldeetan edota Euskal Herriari itzulia emanaz. Hauetakoa bazara, baditugu gure liburuen artean Bizikletaz eginiko bidaien kontakizunak, bidaietarako bizikletak nola prestatu eskuliburuak, eta baita bizikletaz egin daitezken ibilbideen gidak ere.

Aldi berean, eginak dituzuen bidaia horien berri jakin nahiko genuke. Azken finean, hori baita Antxon Bandres Bidaiarien Txokoaren helburua. Bata bestearen ‘istorioak’ jasoaz aberasteko aukera emango digun txokoa izatea.

Aurkezpenera gerturatutako beste batzuk berriz gogoan darabilzuen bidaiaren bat antolatzeko ideiak hartzera etorri zineten. Hauentzako, goian aipaturiko liburuak kontsultatzeaz gain, Joanes bezalako jendearekin zuzenean hitzegitea izan daiteke aholkuak jasotzeko erarik onena, beraz inork harremanetan jartzea nahiko balu idatzi guri eta atseginez egingo ditugu bitartekari lanak.

Milesker lehenik Joanesi, baita ere etorri zineten guztioi baina batez ere mila mila esker hau guztia martxan jartzen lagundu duzuen ixileko boluntario horiei.

Urrengo bilera Ostirala, Irailaren 21ean izango da 19:30tan. Dakizuen bezala, boluntario talde hau irekia da beraz, inolako konpromezurik gabe, azaldu nahi duzuen guztiok.